Beste arloetan euskarak bide luzea egin du. Orain dela 100 urte, irakaskuntzan, kulturan eta aldizkarietan euskara erabiltzen hasi ginen; orain dela 20 urte administrazioan; geroago beste komunikabide modernoetan.
Baina, lan munduan, euskara normalizatzeko planik eta proiekturik ez zegoela ikusita, ARTEZ arlo horretan bere laguntza teknikoa eta hizkuntza aholkularitza eskaintzen hasi zen 1990 urtean. Aitzindarietako bat izan ginen, inork gutxik sektore horren euskalduntze prozesuan sinisten zuenean.
Hamarkada luze baten ondoren, zorionez, euskalduntzearen egoera bestelakoa da lan munduan. Gaur egun, 50 enpresa baino gehiagotan martxan jarri dira erabilera planak, eta parte hartzen duten langileen kopurua 8.000tik gorakoa da.